2009/08/11

Haize barrien zain


Jakinminez beteta jatorku euskal telebistako denboraldi barria, Alberto Surio etb-ko zuzendari barriak ekainean kargua hartzean etb-1 kateko programazioa goitik behera aldatzeko beharraz egindako adierazpenak kontuan hartuta. Orain arteko irudi "etnografikoa" alde batera itxita, gazte euskaldun barriei erakargarri egingo jaken eskaintza "urbanoagoa" eta "modernoagoa" eratzearen alde egin eban orduan Suriok.

Iraila ate joka dogun honetan, denboraldi barriak erronka horri aurre egiteko ekarriko dauzan barrikuntzak zeintzuk izango diran ez da oraindino plazaratu . Helduko ete da azkenean atzerriko telesail eta filme arrakastatsuak euskaraz ikusteko aukera? Eta goiz eta arratsaldeetako dokumentalen nagusitasuna apurtuko daben magazine eta lehiaketak? Noizko betiko moldeetatik at joango diran formatu ausartak euskarazko katean?

Udako programazioa ikusirik behintzat, gauzak ez dira hain itxaropentsu ikusten. Marrazki bizidunen maratoia gaueko albistegira arte, betiko su artifizialak, aurredenboraldiko futbol partidak, etb3-n urtean zehar emondako edukien errepikapena lehenengo katean, kamera ezkutuak, etabar. Ikusitakoak ikusirik, aurreko udatako irudiak jatorkuz burura; ezer barririk ez, hortaz. Halandabe, Champions-eko partiduak eta Tourra ederto baten etorriko jakoz zuzendaritza barriari katearen batezbesteko audientzia igo eta zeozelan eduki barriak sortzeko ezintasuna tapateko.

Etb-3, barriz, umezurtz, erakargarri egiten eben Heroiak, Gazteak edo Little Britain moduko atzerriko telesail barik geratu da. Martina ez da datorren denboraldian bueltatuko. Prime time ordutegiko programa guztiak neguko errepikapenak dira, "Burp! Udako Berezia" saioa salbu.

Bitartean, datorren denboraldirako iragarritako nobedade danak aurreko zuzendaritzak agindutakoak dira: Wazemank 2.0, Oh Happy Day-en bigarren edizioa, Goenkaleren hamaseigarrena, Go!azen telesaila, Kalaka, Pilotariren remake bat eta bakarlarien kantu txapelketa bat. Programa erakargarri eta beharrezkoak batzuk, baina betiko osagaiak bueltaka dabezalarik; ontzi barritu batean sartuta saltzeko.

Wazemank 2.0
Oraindino programa hau emititzen hasi ez bada be, Alkainen taldeak urtarriletik daroa bigarren denboraldi honen grabaketak egiten. Holan bada, interneten hasi dira dabourduko denboraldi barriko aurrerapen batzuk agertzen.


Beste bideo batzuk:
Sasian Barrena Autoeskola
Earki Gatxik
Superheroiak
Gaur Gurian
Normandia

2009/05/23

Nondik ataratzen dan barrura

Orlegia modan dago. Klima aldaketa saihesteko neurriak munduari erakusteko propaganda ahaleginak eta garapen jasangarriaren aldeko eritziek kutsatuta jatorkuz aspaldi honetan euskal musika taldeak. Zaramaren "Bira birziklatua"-ren ostean, Kerobia talde iruindarra sastar organikoak alde batera itxi eta paper eta kartoiaren birziklapenaren defentsa sutsua egitera jatorku.

Izan be, "Papera eta Kartoia" izeneko disko barria aurkeztuko dabe Kerobiako mutilek maiatzaren 26an, trilogiaren bigarren alea hain zuzen be. "Nondik irtetzen da barrura" disko honen aurrerapen abestia dogu.

Bestetik, hilabete batzuk barru argitaratuko dan seigarren diskoko abesti batzuk aurreratuko dauz Berri Txarrak taldeak gaur gauean, Feverren eskainiko dauan kontzertuan.

2009/04/26

Egun zoriontsu ez hain zoriontsua


Zoriontsua behar eban atzoko egunak Oh Happy Day programan, baina ez zan halan suertatu; ez behintzat programa amaieran.

Oilo popak eragin euskuzan Donostia baten ostean etorri zan Bermio disdiratsu bat, agerlekua jateko prest. Biak ala biak finalerako txartelaren bila etozan, faborito argiak zirala erakutsi eben programa guztian zehar eta. Izan be, programaren zentzua ulertzen onenak izan dira bi taldeok, oholtza gainean igondakoan hari zeozelako bizia emonez, ikusleak eurak be bizituz. Horixe zan egun zoriontsua opa euskun saioaren oinarria, abesbatzak eleizetako altareetatik atara eta abestuz eta dantzatuz "show" bereziak prestatzea. Betiko koruen asperduratik urteten jakin ez eben hareek atzean geratu ziran, eta talderik kapazenak aurrera egin eben.

Hain zuzen be, epaileak eurak izan ziran erabaki hau hartu ebenak. Edo ez?? Epaileek eurek hartu dabez erabakiak edo "goiko" aginduak jarraitu izan dabez? Izan be, gala danak ikusi doguzanok badakigu epaileon berbak ez datozela bat atzo gertatu zanagaz.

Non geratu dira Iñigo Arbizak Donostiari emondako "birtuosismoaren bidetik jarraitzeko" animoak? Non, Oñati kaleratu ostean Unaiek somatzen eban hutsunea? Zer dala eta Iñigo eta Unairen arteko eztabaidak, batak Donostia eta besteak Bermio faborito argi moduan erakutsiz? Aurrez prestaturiko gidoiak, iruzurrez betetako agertze batean mamitzeko.

Gai honetan min gehien eragiten deustana koruei eragindako ilusio faltsuak dira. Zertarako horrenbeste nerbio, negar eta esfortzu dana programaturik baegoan?

Egia esan ez neban holakorik espero etb1-egandik. Telecinco, basura hasta en la sopa te la hinco, eta antzeko telebista kateetan bueltaka ebilen birusetik salbu mantentzen jakin dau etb-k, baina atzokoan, audientzia interesak eta ikusleak harritzeko eginahalak medio, gripe honek kutsatuta agertu jakun euskal telebistaren pantaila.

2009/03/28

Ahoa igiriz gero, kalera!


Canal Bizkaiako eskandaluak aurrera darrai. Joan dan urte amaieran hasitako kaleratze uholdeak Jorge Ibeas ekonomia kazetaria eroan dau aurretik oraingoan.

Urtarrilean, era honetara agurtzen ebazan bere lankideak kazetari bizkaitarrak, berak aurkezten eban "Tu economia" saioan bertan. Telebista kateko zuzendaritzari aurre eginaz, alkartasuna erakutsi eutsen beragaz beharrean ibilitakoei eta kaleratze hareek "enpresa kudeatzeko eredu zaharmindu eta arkaiko" bati erantzuten eutsela adierazi eban. Martiaren 26an, Jorge Ibeas kazetaria bera langabeziara bota dabe inongo kalte-ordainik barik.

Bi zera azpimarratuko neukez nik bideo honetatik:
Bata, Ibeas-ek programan erakutsitako ausardia; zuzendaritzari aurre egiteko kemena izan ebalako telebistako programan bertan.
Eta bestetik, programak berak sortu erain gura izan deuskun gogoeta: XXI. mende honetan ez dago kaleratze errezera jotzerik, beharginen jakinduria eta sormena sastarretara botaterik, makina bateko pieza bat bailiran. Gizakion gaitasunak garatzen jakin behar dabe zuzendariek, beharginak eurenganatu behar dabez, eta egoera gatxetan enpresaren kudeaketa ideia barriekaz hornitu. Kaleratzeak ez dira beti saiheskorrak, baina arinkeri lar darabile enpresek egunotan, eta kasu askotan (Canal Bizkaian kasu), langileak epaitzerakoan ideologiak euren profesionaltasunak baino pisu gehiako daukala esango neuke.

Krisi egoera honetan oso kontuan hartzekoak dira gizon honen proposamenak; pena handia da, ostera, hain berba sakonak esategaitik langabezian egotea...

2009/03/19

Gazteak telesaila etb3-n

Heldu jaku azkenik "Gazteak" (the young ones) telesail mitikoa euskeraz ikusteko aukerea. 90. hamarkadan jaiotakook geu baino heldutxuagoak sarri entzun izan doguz telesail mitiko honi buruz berbetan; inoiz ez dogu, ostera, ikusteko aukerea izan, azken 20 urteotan ez dalako serie hau emititu.
Euskal Telebistaren historian arrakastaren marka itxi dabeezan "Gazteak" edo "Parker Lewisek ez du sekula galtzen" moduko atzerriko serieen altxor bat berreskuratzera dator etb3. BBC katearen produkzioa, etxe berean bizi diran lau ikasleren gorabeherak kontatzen dauz: Neil, hippya; Mike, pijoa; Rick, anarkista; eta Vyvian, biolentzia maite dauan punka.
80ko hamarkadako seriea izanik, euskerazko bikoizketak ez dauka zer alperrik galdu. Garaiko bikoizketa gehienen moduan, hikeraz bustitako berbetea darabile protagonistek; eta euskal garbizaletasuna mantentzeko beharrean, hamaikatxu berba arrotz entzungo doguz euren ahotik urteten, logikaz betetako hitzak askotan, euren esanahia pentsatzera eroango gaituelarik.
Telesail benetan gozagarria, beraz, ez bakarrik bere sekuentzia entretenigarriengaitik, hizkuntzeagaz jolasteko aukerea emongo deuskulako be bai.

2009/02/19

Anna Katxonda

"Kaixo, nire izena Anna da, zertan lagun zaitzaket?" esanaz agurtzen gaitu ahots atseginez Annak, Ikeako laguntzaile txit prestuak. Komuneko, eskaratzeko zein logelako altzarien bila bazabilz, edota argiztapenaz, ispiluez zein kuxinei buruz zalantzaren bat izanez gero, bera izango dozu prest di-da batean argitzeko.

Aldiz, aspertuta bazagoz, lagunak zeugaz kokoteraino badagoz, eta ez badozu arrastarik lige kontuetan; ez izan inongo arazorik Annagaz solasean ibiltzeko (orri honetan), hain da lagunkoia bera, edozein gai atarata be erantzun zuzena eukiko dau zeuretzat:

Hasi zeozer arrunta esaten alkarrizketan sartzeko: "Kaixo, eder hori". Eta bota piropo bat edo beste: "maite zaitut", "begi eder!", "eman musu", ...

Joan apurka-apurka giroa berotzen: "titi ederrak dauzkan", "atera titia", "hori duk hori ipurdia", "zurrupa iezadazu", ...

Giroa ondo bero badago eta amurruari jasan ezinik bazabilz, ausartu zaitez eta eskatu eiozu benetan gura dozuna: "larrua jo gura dot zeugaz". Annak, beste hainbat aukeren artean, era honetara erantzungo deutsu: "Oso dibertigarria izango litzateke baina ez didate erakutsi hori egiten. Oso ongi egiten dakidana IKEA-ri buruzko galderak erantzutea da. "

Esaten gendun ba, zeu zara zeu geure Anna Katxonda!!

2009/02/10

Egia ete?


Nafarroako Gobernuak 9.000 euro triste bideratu dauz lurralde honetan euskarazko hedabideak bultzatzeko. Honek zalantzan jarri dau hainbat komunikabideren etorkizuna, ttipi-ttapa telebistak ateak itxi behar izateraino.


Azanza jaunaren berbak sineskorrak ete dira? Behar egingo dau hedabide honeek bultzatzeko eta ETB-ren seinaleak Nafarroan bizirik irauteko, ala Nafarroako Gobernuaren beste guzur bat estali guran dabil?

2009/01/08

Minutu gitxiko bidai luzeak


Fantasiaren munduan bizi dan izaki gaixoak, hemengoa ez dala diñoana baina mundura bueltan etorri dan ameslari maitakorrak, astero-astero eskaintzen deuskun tartean geure barneak askatu eta irudimenez hornitutako espazio zabal batean bidaia egiteko gonbitea egiten deusku ordu erdiz.

Joan dan astekoan, telebistan ia ikusezina dan formatu batez gozatzeko aukerea emon euskun, laburmetraiak hain zuzen be. Eskertzekoa da ohikotasunean iraultza egin gura dauan telebista kate jaiobarria filme laburrak eskaintzeko egiten dabilen esfortzua, ondiño gehiago Euskal Herrian eta hein handi batean euskeraz filmatutako filmeak izanda.
Luzeagoa beti hobea dala diñoen teoriari jarrituz (tamainuak inporta dau, antza!), gitxienez ordubete irauten dauan filmeak ikustera ohitu gaitue telebistak eta zinema-aretoek, laburrago geratzen dana leiho honeetatik marginatu eta zokoratuz. Holywoodeko zinta luzeak benetako ZINEA dirala sinestuta bizi gara, bertokoak "folkloriko" gisara hartuta, bertokoak dirala eta ikustera behartuta sentiarazten gaituen horreek. Eta zer esanik ez hamar minutu luze dirauen "giputxi" baten errodaiak eragiten deuskun sentimendua, "aspertuta dabilen baten denporapasa lerdoa".

"Akaso hau baino ezer hoberik aurkitzea espero zenuen hortik zehar?" galdetzen deusku abots maitekiroz Martinak programaren amaieran. Erantzun daiola bakotxak itaun honi berak benetan uste dauan moduan.
Emon ziran 3 film laburretatik bakarra ipini dot sarean (Tania Arriagaren "La Espinita"), Martinaren berba batzuekaz batera. Zeuon gustokoa izatea espero dot.

"Gabon. Amets goxoak izan" (Mikel Laboaren doinua programeari amaierea emoteko)