2006/12/28

Euskal Selekzioaren partidu gazi-gozoa

Telebistak erakutsi ebazan hasierako irudietan harmailen zati handi bat huts-hutsik ikusi eitekean. Jende artean be hutsune asko. Telebistako narratzaileak eurak be gabezia honetaz ohartuz, jende gitxiago egon arren giroa ezin hobea zala esaten ebiltzan.
Jende gitxiago joatearen arrazoi bakarra bururatzen jat: ESAIT (euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea) eta Euskal Federazioaren arteko pikea. Lehenengoak, Federazioak eta Jaurlaritzak ofizialtasunaren alde borroka nahiko egiten ez dabela eta, partidua ez babestea erabaki eban. Gainera, taldeari Euskadi deitu beharrean Euskal Herria deitzea eskatzen eban. Dana dala, argi dago askok erantzun eta partidura ez joatea erabaki ebela, eta hori partiduko eta partidu osteko giroan asko nabari ei zan. Holan jasotzen dau berria-ko artikulu batek:

Giroa bai, baina apalagoa. Zale gutxiago, tabernak hutsago eta kaleak isilago. Partida dagoela argi dago, ordea. Jendetza dabil Indautxun: erosketak egiten asko, eta txikiteoan besteak, Poza aldean batik bat. Han batu dira San Mamesera doazenak. Umeak dauzkate inguruan bueltaka. Aurpegia zuriz, gorriz eta berdez margotuta, eta ikurrinari eragin eta eragin. «Euskadi, Euskadi!».

Haurrak eta gurasoak barra-barra. Haurrak olgetan eta gurasoak zurrutean. Tarteka-tarteka, nerabe taldeak ere badoaz futbol zelaira bidean. Gazteak oraindik ez. Horiek ere kalimotxotan eta garagardotan dihardute. Hotz egiten du Bilbon. Etxean gozo-gozo egoteko moduko hotza, baina ohikoa da abenduan, selekzioak jokatu ohi duenean, eta Poza kalean ez dago beste aldi batzuetako burrunbarik. Lasaiago dago. Ez kalejirarik, ez bat-bateko oihurik.

Giroa pixkanaka-pixkanaka berotuko dela uste du Joseba Martinezek. «Baietz San Mames bete». Urtero-urtero doa Euskadiko selekzioaren partidara, eta aurten ere lekua dauka San Mamesen. Ziur dago ESAITen erabakiak ez duela ikuskizuna zapuztuko. «Askok nahi dugu selekzio ofiziala, baina ametsa da oraindik. Lortu arte, bultza eta bultza jarraitu behar dugu. Futbolariak zelaian eta guk harmailetan. Futbolariek jokatu egingo dute, eta guk animatu egingo dugu». Gaztea da Martinez. 26 urte dauzka eta ziur dago urte gutxiren buruan ofiziala izango dela euskal selekzioa.

Berdin zaio izena zein daukan: «Euskal Herria edo Euskadi». Haren lagun Jon Mikel Garairi, aldiz, Euskadi ez zaio bat ere gustatzen. «Euskal Herrian bizi gara eta Euskal Herriko selekzioa behar du izan». Garaik, dena den, larregizkoa iritzi dio ESAITen jokabideari. «Gure artean ere muturka bagabiltza, akabo». Azaldu du gauza bat dela gehiago eskatzea, konpromisoa eskatzea, eta besterik dela taldeari babesa ez ematea.

«FESTA EGUNA DA». Ildo beretik jo du Alazne Sarasketak: «Muturreko erabakia hartu du ESAITek». San Mamesera doa Haritz eta Maider seme-alabekin, eta haien laguntxo birekin. «Umeak oraindik gaztetxoegiak dira ika-mika politikoez jabetzeko. Festa eguna dute, aldarrikapen eguna baino gehiago, eta giroaz gozatzera datoz. Berdin zaie partida ofiziala den edo ez, futbolari batek edo besteak jokatzen duen...». Lagunartean ondo pasatzeko aitzakia da selekzioa. «Euskadiko selekzioa. Hori baita daukaguna gaur-gaurkoz».

Sarasketa pozik dago Euskadiko Futbol Federazioaren lanarekin. «Jada bi partida jokatu ditugu aurten, adibidez. Agian larregi eskatzen dabil ESAIT». Selekzioaren izenarekin tematzea zentzurik ez daukala ere azaldu du. «Euskadi edo Euskal Herria. Niri, behintzat, ez zait larregi axola».

Unai Larreari bai. Partidara joateko sarrera zeukan, baina senide bati oparitu dio. «Ni ez noa. Pozas kalean nago, bai, baina lagunekin tragoxka batzuk hartu eta etxera joango naiz». Gogor kritikatu du federazioaren eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren lana. «Ez dira gogor bultzatzen ari euskal selekzioen ofizialtasuna». Jende askok San Mamesera joateari uko egingo diola eta ohiko giroa ez dela egongo uste du. «Ea hurrengo urtean zer gertatzen den».

Gehitzeko, esango neuke geure artean borrokan ibiltzen bagara kaltetu bakarrak gu geu izango garala, eta beraz, datorren partidurako gauzak konpontzea espero dot, bestela orduan bai ez dogula inoiz ofizialtasunik lortuko. Bestetik esan Euskadi ofiziala ez izatea ez dala Euskal Federazioaren edo Jaurlaritzaren errua, Espainiarena baino, eta beraz, Esait-en jokaera apur bat zentzugabea dala. Ganera ez dot uste Euskadi edo Euskal Herria deitu behar dan eztabaidatzeak zentzu handirik dauanik, hori gitxienekoa da. Ez daiguzan ba arazoak ez dagozan lekutik atara.

Amaitzeko, nahiz eta arazo honeek egon, jendeak erantzuten jarraitzen dau. San Mames ia bete zan eta etxetik batezbesteko 184.000 pertsonak ikusi eben (%22,8eko share-a) eta une batzuetan 536.000 pertsonak ikustera ere heldu zan.

Emaitza, ezin hobea, 4-0 irabazi, hori bai olentzerok ekarri deuskun opari ederra!!!

2006/12/27

17.962 euroko zakua

Atzo gauean eroan eben azkenean Mihiluzeko zakua. Katti Potxelu eta Arño Aizager Hazparne eta Donapaleuko bikotea izan ziran zortedunak eta guztira 17.962 euro irabazi ebezan.
Aurten Mihiluze hasi danetik 40.000 euro banatu dabez guztira, eta Ilaski eta Kike geure eguneroko hitzordua bilakatu dira ohera joan aurreko minutuetan.
Egunero 40.000 pertsona inguruko datuak jasotzen dauz baina aipatzekoa da aurreko astelehenan lortu ebazan 60.000 entzun-ikusleak eta %7,7ko kuota umeak lehiatzen ziran programa berezian. Horretaz gain, datorren astelehenean, urtarrilak 1, pertsona ospetsuen berezia egongo da, gonbidatu bezela ondoko bikoteak egongo diralarik: Julio Ibarra eta Angel Alkain wazemankeko "atsuak" legez jantzita, Edurne Azuara eta Naiara Etxebarria Balbemendi telesaileko aktoreak, eta hirugarren bikotea Estitxu Fernandez eta Xabier Euzkitze.
Zorionak programagatik eta segi horrela!!

2006/12/26

Gabon gozoak etb1-entzat

Danongan jakina da etb1 ez dala audientzia handiak jasotzen dauzan telebista kate bat. Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiagok ez daki euskeraz, eta beste askok arazoak daukiez. Horrek eta etb1-ek daukan programazio kaskarrak eragiten dabe horren datu baxuak lortzeak (aurten %4 inguruko batezbestekoa lortzen dau). Halandabe, lana ondo egiten danean ikusleek erantzun egiten dabe. Horren adibide dira wazemank, goenkale, mihiluze, martin, balbemendi eta bost txakur bezalako programak. Esan beharra dago aurten hobekuntza nabariak egin dirala, izan ere orain arte kamera izkutu "mutuak" eta horrelako tarteak askoz ugariagoak ziran eta.
Gabonak dira, baina, etb1-i arnasa hartzen izten deutson urteko unea. Ume guztiak etxean egoteak asko laguntzen deutso, nahiz eta datu handiak lortu ez (marrazki bizidunek ume guztien babesa jasotzen daben arren ikusleen parte txiki bat dira); gitxienez datuak behera askorik ez egitea lortzen dabe: gabonetatik at, etb1-eko goizak %0-ko datuez blai egoten dira, eta horrek eguneko batezbestekoan datuak izugarri behera egitea eragiten dabe. Marrazkiek, barriz, %5 inguru lortzen dabe, batezbestekoan beheranzko hori txikiagoa izanik. Bardin gertatzen da arratsaldean zehar be.
Baina, ziurrenik, etb-ko gabonetako programa bereziak dira arrakasta sortzen dabenak. Gabon gauean (abenduak 24) %6,6ko batezbestekoa lortu eban etb1-ek egun guztian zehar, ondokoak nabarmenduz:
euskal kantuen gaua %19,8 eta 87.000 ikusle, kepa junkera %9 eta 40.000 ikusle, Mr. Bean %11 eta 44.000 ikusle.
Baina sorpresarik handiena
abenduaren 25ean hartu neban: %8,3ko batezbestekoa. Eguneko izarra pilota %19,4ko share-a eta 91.000 ikusle. Horretaz gain aipatzekoa goenkaleren igoera %8,8 eta 77.000 ikusle (normalean 50.000 pertsona inguru) eta mihiluzeren programa berezia 60.000 eta %7,7ko share-a. Euskal Kantuen Gaua-ren errepikapenak %7,4 45.000 eta albistegiak ere besteetan baino indartsuago.

Oraindik gabonak luze joko dabe... ea zer gertatzen dan. Bitartean gabon zahar eguneko programa bereziaren zain geratuko naz: "Matzmorduajangojonau" Wazemank-ekoen aurtengo berezia. Zer esan handia emongo dau honek!!

2006/12/16

Zorionak eta urte berri on!!!



Aurtengo eitb-ren gabonetako spot-a mundiala da!!! Kriston barriek botaten dodaz ikusten dodan bakoitzean, hain dira barregarriak txinatarrak!!! jaja
Zorionak eitb-ri noizean behin eskeintzen deuskuzan spotengatik (hau eta beste asko, "tronkolariarena" etabar.)
Horrenbestez zorionak eta urte barri ona danori!!!!

2006/12/15

Hitzak urtebete

Busturialdeko Hitza-k urtebete bete dauz gaur, 2006ko abenduaren 15ean. 365 egun bizirik eta 278 ale argitaraturik daukazala, busturialdean bizi garan guztion eguneroko partea bihurtu da jada.
Geure hurrenean gertatzen diran barriez informatzeaz gain, euskerearen sustapenerako produktua ere bada, geure hizkuntzan barriak jasotzeko, eta euskeraz ez dakianak edo hizkuntza honetan irakurtzea kostaten jakonak euskeraz irakurtzeari erreztasuna hartu deion.
Halandabe, hainbat pertsona egunkari honetaz egunero baliatu arren, eskualdeko 20 udaletatik bik baino ez dabe diruz laguntzen, bermeokoak eta muruetakoak. Ni, bermiotar moduan, harro nago neure udalak laguntzen daualako, baina beste udalei eskatuko neuskie euren herritarrei entzuteko eta hitzari behar dauen babesa emoteko.
Amaitzuteko, zoridxonak hitzako langile guztiei egunkari aberats hau egitearren eta herriko eta inguruko jazoeren barri emotearren, sarritan geure herrian bertan gertatzen dana be ez dogu jakiten eta. Zoridxonak eta segi horrela!!!!

2006/12/09

Ongi etorri!!!!

Ongi etorri Bitortxun blog-era. Blog honen nahia neure eguneroko bizipenak, iritziak, harridurak, ... azaleraztekoa da, baita bereziak iruditzen jatazan irudiak eta bideoak agertzekoa be.
Aldi berean, komunitate bat sortu gura da, egilearen eta irakurleen artean, bisitariek be bertan parte hartuz. Horregaitik animatzen zaituet guztioi blog honetan zeuon iritziak eta nahi zeinkien dana idazten.
Testuak gai desbardinak jorratzen dabenez, atal bereizietan sailkatuta egongo dira: telebista, bitxikeriak, zinea, euskara, jaidxek, etab.
Beste barik, agetzen diran gaien ugaritasuna dala eta, blog hau guztion gustokoa izatea espero dot.