2008/12/23

Grissom euskaldunak zoriontzen


Euskal Herrian igaro ei ebazan bere gaztetako urte batzuk, eta aurtengoan zorion mezu baten bidez eskertu gura deusku geure arreta beroa, berak esaten dauan moduan "Euskadi oso hotza da, baina jendeak bihotza oso bero dauka".

Gabon zoriontsuak opatzeaz batera, euskerearen ganean hausnartzen dau aktore amerikarrak: "1975 urtean han egon nintzanean, euskal hizkuntza debekatuta egoan seinaleetan eta abarretan. Orain 11 urte bueltatu nintzanean, dana egoan euskeraz. Hain izugarria zan aldaketea, Euskadiko jendearentzat itxaropentsua iruditu jatan euren berbetea berreskuratzea. Harro nago aurrerapenagaz, eskertzeko modukoa da bakea lortu dala ikustea".

Amaitzeko, "Goiko Mendian" abesten deusku, Euskal lurrenganako sentimenduak adierazteko abesti aproposa iritziz.

2008/12/18

Euskara teknologikoa

Windows Live, hotmail kontuak eskaitzen deuskuzan zerbitzu guztiei zukua atarateko ataria, euskeraz topatu dogu gaurkoan, oso-osorik ez bada be. Ondoetorria emoteko orriak (home.live deituak) haize euskaldun batez airatzen gaitu, momentuko egoeraz eta jasotako azken mezuei buruz egunean egoteko. Profila, argazkiak, gertaerak, taldeak eta Spaces guneak be euskeraz topatu geinkez; ez, ostera, "Hotmail" posta elektronikoa kudeatzeko orria.

Akabuko urteetan erderaz bakarrik egozala sinestuta geunkazan hainbat eta hainbat aukera euskeraz agertzen jakuz orain, garai barri baten seinale. Facebook euskaraz erabiltzeko aukerak, egunez egun eskuko telefonoa euskaratzeko esaten dabilkigun Ukan birus zantar geldiezin horrek, Windows XP zein Windows Vista sistema eragileak euskeraz erabilgarri izateak, eta Tuenti euskaratzeko bideak zabalik dagozala entzuteak; euskal berbetea amaraunean eta teknologia barrietan zabaltzeko urrats sendoak emoteko borondatea badagoala adierazten deuskue.

Halanda be, barri pozgarri ororen atzean beti dago gerizpe sakonen bat. Izan be, Windows enpresa pribatuak, eta ondorioz, ahalik eta etekin ekonomiko handiena eskuratzea helburu dauan erakundeak, hizkuntza "nagusiak" ez diran horreetan aurrerapausoak emoteak zer pentsa ugari emoten deuskuz. Zeren truke egin dabe hau, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza potolo baten truke; edo euskal administrazioko ordenagailuetan Windows sistema beste urte batzuetarako bermatuta egotea dago honen atzean?

Ez ete gara gai geure berbeteari behar dauan duintasuna emoteko, hots, bere kabuz bizitzako edozein ekintzatan erabiltzeko askatasuna zabaltzeko, erdal hizkuntzarekiko menpekotasun horretatik libre?

Ez, bada, gaztelania ei da espainol guztion berbeta komuna. Zelako penea...