Showing posts with label telebista. Show all posts
Showing posts with label telebista. Show all posts

2009/08/11

Haize barrien zain


Jakinminez beteta jatorku euskal telebistako denboraldi barria, Alberto Surio etb-ko zuzendari barriak ekainean kargua hartzean etb-1 kateko programazioa goitik behera aldatzeko beharraz egindako adierazpenak kontuan hartuta. Orain arteko irudi "etnografikoa" alde batera itxita, gazte euskaldun barriei erakargarri egingo jaken eskaintza "urbanoagoa" eta "modernoagoa" eratzearen alde egin eban orduan Suriok.

Iraila ate joka dogun honetan, denboraldi barriak erronka horri aurre egiteko ekarriko dauzan barrikuntzak zeintzuk izango diran ez da oraindino plazaratu . Helduko ete da azkenean atzerriko telesail eta filme arrakastatsuak euskaraz ikusteko aukera? Eta goiz eta arratsaldeetako dokumentalen nagusitasuna apurtuko daben magazine eta lehiaketak? Noizko betiko moldeetatik at joango diran formatu ausartak euskarazko katean?

Udako programazioa ikusirik behintzat, gauzak ez dira hain itxaropentsu ikusten. Marrazki bizidunen maratoia gaueko albistegira arte, betiko su artifizialak, aurredenboraldiko futbol partidak, etb3-n urtean zehar emondako edukien errepikapena lehenengo katean, kamera ezkutuak, etabar. Ikusitakoak ikusirik, aurreko udatako irudiak jatorkuz burura; ezer barririk ez, hortaz. Halandabe, Champions-eko partiduak eta Tourra ederto baten etorriko jakoz zuzendaritza barriari katearen batezbesteko audientzia igo eta zeozelan eduki barriak sortzeko ezintasuna tapateko.

Etb-3, barriz, umezurtz, erakargarri egiten eben Heroiak, Gazteak edo Little Britain moduko atzerriko telesail barik geratu da. Martina ez da datorren denboraldian bueltatuko. Prime time ordutegiko programa guztiak neguko errepikapenak dira, "Burp! Udako Berezia" saioa salbu.

Bitartean, datorren denboraldirako iragarritako nobedade danak aurreko zuzendaritzak agindutakoak dira: Wazemank 2.0, Oh Happy Day-en bigarren edizioa, Goenkaleren hamaseigarrena, Go!azen telesaila, Kalaka, Pilotariren remake bat eta bakarlarien kantu txapelketa bat. Programa erakargarri eta beharrezkoak batzuk, baina betiko osagaiak bueltaka dabezalarik; ontzi barritu batean sartuta saltzeko.

Wazemank 2.0
Oraindino programa hau emititzen hasi ez bada be, Alkainen taldeak urtarriletik daroa bigarren denboraldi honen grabaketak egiten. Holan bada, interneten hasi dira dabourduko denboraldi barriko aurrerapen batzuk agertzen.


Beste bideo batzuk:
Sasian Barrena Autoeskola
Earki Gatxik
Superheroiak
Gaur Gurian
Normandia

2009/04/26

Egun zoriontsu ez hain zoriontsua


Zoriontsua behar eban atzoko egunak Oh Happy Day programan, baina ez zan halan suertatu; ez behintzat programa amaieran.

Oilo popak eragin euskuzan Donostia baten ostean etorri zan Bermio disdiratsu bat, agerlekua jateko prest. Biak ala biak finalerako txartelaren bila etozan, faborito argiak zirala erakutsi eben programa guztian zehar eta. Izan be, programaren zentzua ulertzen onenak izan dira bi taldeok, oholtza gainean igondakoan hari zeozelako bizia emonez, ikusleak eurak be bizituz. Horixe zan egun zoriontsua opa euskun saioaren oinarria, abesbatzak eleizetako altareetatik atara eta abestuz eta dantzatuz "show" bereziak prestatzea. Betiko koruen asperduratik urteten jakin ez eben hareek atzean geratu ziran, eta talderik kapazenak aurrera egin eben.

Hain zuzen be, epaileak eurak izan ziran erabaki hau hartu ebenak. Edo ez?? Epaileek eurek hartu dabez erabakiak edo "goiko" aginduak jarraitu izan dabez? Izan be, gala danak ikusi doguzanok badakigu epaileon berbak ez datozela bat atzo gertatu zanagaz.

Non geratu dira Iñigo Arbizak Donostiari emondako "birtuosismoaren bidetik jarraitzeko" animoak? Non, Oñati kaleratu ostean Unaiek somatzen eban hutsunea? Zer dala eta Iñigo eta Unairen arteko eztabaidak, batak Donostia eta besteak Bermio faborito argi moduan erakutsiz? Aurrez prestaturiko gidoiak, iruzurrez betetako agertze batean mamitzeko.

Gai honetan min gehien eragiten deustana koruei eragindako ilusio faltsuak dira. Zertarako horrenbeste nerbio, negar eta esfortzu dana programaturik baegoan?

Egia esan ez neban holakorik espero etb1-egandik. Telecinco, basura hasta en la sopa te la hinco, eta antzeko telebista kateetan bueltaka ebilen birusetik salbu mantentzen jakin dau etb-k, baina atzokoan, audientzia interesak eta ikusleak harritzeko eginahalak medio, gripe honek kutsatuta agertu jakun euskal telebistaren pantaila.

2009/03/28

Ahoa igiriz gero, kalera!


Canal Bizkaiako eskandaluak aurrera darrai. Joan dan urte amaieran hasitako kaleratze uholdeak Jorge Ibeas ekonomia kazetaria eroan dau aurretik oraingoan.

Urtarrilean, era honetara agurtzen ebazan bere lankideak kazetari bizkaitarrak, berak aurkezten eban "Tu economia" saioan bertan. Telebista kateko zuzendaritzari aurre eginaz, alkartasuna erakutsi eutsen beragaz beharrean ibilitakoei eta kaleratze hareek "enpresa kudeatzeko eredu zaharmindu eta arkaiko" bati erantzuten eutsela adierazi eban. Martiaren 26an, Jorge Ibeas kazetaria bera langabeziara bota dabe inongo kalte-ordainik barik.

Bi zera azpimarratuko neukez nik bideo honetatik:
Bata, Ibeas-ek programan erakutsitako ausardia; zuzendaritzari aurre egiteko kemena izan ebalako telebistako programan bertan.
Eta bestetik, programak berak sortu erain gura izan deuskun gogoeta: XXI. mende honetan ez dago kaleratze errezera jotzerik, beharginen jakinduria eta sormena sastarretara botaterik, makina bateko pieza bat bailiran. Gizakion gaitasunak garatzen jakin behar dabe zuzendariek, beharginak eurenganatu behar dabez, eta egoera gatxetan enpresaren kudeaketa ideia barriekaz hornitu. Kaleratzeak ez dira beti saiheskorrak, baina arinkeri lar darabile enpresek egunotan, eta kasu askotan (Canal Bizkaian kasu), langileak epaitzerakoan ideologiak euren profesionaltasunak baino pisu gehiako daukala esango neuke.

Krisi egoera honetan oso kontuan hartzekoak dira gizon honen proposamenak; pena handia da, ostera, hain berba sakonak esategaitik langabezian egotea...

2008/11/17

Martitzenak 20.40


Asmaten gendun, bai, etb3-k gaztiontzako nobedade asko eta aukera barri ugeri ekarriko ebazala. Kate jaiobarri batentzat kalitate onargarria daukan honek (eta ondiño gehiago LTD-ko kateak zein kutreak diran ikusirik), bere aireratzetik hilabetera hasi da geuretzat egindako telesailak emoten:

-MARTITZENETAN: Heroiak 20.40 etb3-n. (emisioak bihar hasiko dira, zemendiak 18)
-EGUAZTENETAN: Dr. Who 20.40 etb3-n.

2008/10/12

etb 3


Telebista modernoa, alternatiboa, euskaraz. Merezi dauzan programak badaukaz, Burp!, Martina, Munduan Gaur, Hitzetik Hortzera eta eitbKultura, esaterako.
Baina etenbako marrazki bizidunek eta betiko bideoklipek nahiko aspergarri egiten dabe telebista kate jaiobarria.
Gazteentzako telesailak eta pelikulak ez litzatekez txarto etorriko...

2007/12/13

Kalakataz kalakan

Atzo gaueko Kalaka programak markak hautsi ebazan. Ez bakarrik inoizko audientzia altuena lortu ebalako (batezbeste 51.000 ikusle %5,7ko sharea), baita inoizko oihartzunik handiena euki dauelako ere. Ez dago euskal blogak ikustea baino.
Niretzat aipagarriena Iban Arantzabalek bere blogean idatzitakoa da. Perdidos emititzen ez ebela eta, Kalaka ikusi eta inpresiño ona egin ei eutson, eta hona hemen beretzat eta blogean iritzia emon daben beste hainbat pertsonantzat programako bi gauza aipagarrienak:

Batetik, geure Markosen esaldi txundigarria, betiko moduan zur eta lur itzi ginduzana. Aste honetan esan dau "betirako ezkontzaren" edo "familia tradizionalaren" ideia gizonok asmatutakoa dala, emakumeen "zulotxoa" infinitua izanik eta mutilon "zintzilikaria" oso mugatua, eta ondorioz emakumea sexualki geu baino potenteagoa dala konturatuta, ba emakumea betirako geuri lotuta eukitzeko asmatutako modua dala hain zuzen be. Ez dau arrazoirik falta, baina hori aparteko eztabaida filosofiko bat litzake. "Beti dauka zita landuren bat. Ez da tertuliano klasiko bat eta eskertzen da ekarpen hori" diño Iban Arantzabalek Markosek botatakoaren inguruan.

Bestetik, programa bat borobil-borobila egiteko, zer hobarik Bermiora bertoko atsotxuengana galdera batzuk egiten etortzie baino. Ba hori egin eban Iñigo Agirrek. Mikrofonoa eskuan hartuta, hainbat blogetan irakurri daitekeen "amen lapikuen txorizo bat baino ez da sartzien" esaldia lortu eban bermiotar baten ahotik, beran bikotiegaz eukan erlaziñuetaz galdetzerako orduan. Egidxe esan bermiotarroi eitxen dozkuezan entrebistek beti direz "bikainak", "salauek" eta bizidxek. Eta hau be oso ona izan zan. Beste bat aipatziarren, beste andra batek gaur egungo gaztieri gomendatu eutsen "Fuego a la barraka. A vivir la vida. Sexue badan ba sexue", eurek antziñe nahiko sufridu zauiela eta. Iñigo Agirre, zelan ez, barreka zatitxu, eta telebista ikusten ibili zien hainbet pertsona bebai, blogetan irakurri daikegunez.

Esan moduen atzoko Kalaka inoizkurik onena izan zan, batez be bermiotarrok ein gendulako ia programa osue (jaja): Bermioko jentieri egindako entrebista elegantie, Markosen salidie (berton jaio ez arren Markos bermiotar sentitzen da, ez ahaztu) eta Amaia Artetxe be bertan datuak eskaintzen betiko legez. Etb-ko programa danak bermiotarrok egingo balekiduz... zenbat igoko ziran audientzidxek!!!! Ape marie!!!!! jaja

2007/12/12-ko Kalakaren batezbesteko audientzia EAE-n: 51.000 ikusle eta %5,7ko sharea. Euskaldunen artean (eta beraz etb1 ikusi daikegunon artean) %17ko sharea lortuko ebala esango neuke, eta hori iparraldeko eta nafarroako ikusentzuleak kontuan hartu barik!

2007/01/29

Balbe misterioak

Atzo emon jaken amaiera Balbemendiko misterio guztiei. Hiru hilabete luzez domekaro telebistari pega-pegata euki eta gero, azkenik argitu zan nor egoan hiltzailearen mozorropean. Baina nork pentsatuko eban Rosa zala? Kristau fededun zintzo ha, beti garbi jokatu guran, bere gizon odolberoa lasaitzeko beti prest egoan ha?
Egia esan zur eta lur itzi ninduan. Izan ere ia petsonaia danak pasa ziran hiltzaile izatearen susmotik: Juantxo, bere anaia Lukas, Jon, Bixenta,... Apurka-apurka argituz joan zan beste kontu batzuetan sartuta egozala honeek. Beraz, beste susmagarri batzuk agertuz joan ziran: Fermin abadea, Gorka, eta baita Jesus alarguna bera be. Antonio ere hortxe egoan hasieratik amaierara susmagarri moduan.
Nik hasieratik pentsatzen neban Gorka izango zala hiltzailea, baita azkenaurreko kapituluak neuri arrazoia emon ere. Mentxuren alaba nagusiak ere pasa jatazan burutik, zer egiten egozan pertsonaia horreek bestela? Telesailean agertu besterik ez? Baina Rosa, Rosa inoiz ez jatan burutik pasa. Sorpresa handia, beraz.
Mentxuren maitalea nor zan be argitu zan azken kapituluan, apaiza bera. Maddiren amesgaiztoen jatorria ere argitu zan, ama bere buruaz beste egiten ikusi eban jaiobarritan eta.

Amaitzeko, esan beharra dago etb-k inoiz egin dauen telesailik onena izan dala eta benetan merezi izan dauala domekaro ikusteak, nahiz eta merezi izan dauena baino jende gitxiagok ikusi izan (54.000 ikuslegaz hasi zan, apurka jaitsiz joan zan eta azkenik amaierako kapitulua 41.000 pertsona inguruk ikusi eben). Zorionak emon aktore guztiei eta zuzendariari, Jabi Elortegiri (Balbemendigatik eta Goenkalegatik), eta hurrengoaren zain geratzen naz. Askok foroan idatzi dabe Balbemendiren denboraldi barria atarateko. Nik ez neuke Balbemendigaz jarraituko, txarto geratuko litzateke, baina bai misteriozko beste telesail bat datorren urterako.

2006/12/27

17.962 euroko zakua

Atzo gauean eroan eben azkenean Mihiluzeko zakua. Katti Potxelu eta Arño Aizager Hazparne eta Donapaleuko bikotea izan ziran zortedunak eta guztira 17.962 euro irabazi ebezan.
Aurten Mihiluze hasi danetik 40.000 euro banatu dabez guztira, eta Ilaski eta Kike geure eguneroko hitzordua bilakatu dira ohera joan aurreko minutuetan.
Egunero 40.000 pertsona inguruko datuak jasotzen dauz baina aipatzekoa da aurreko astelehenan lortu ebazan 60.000 entzun-ikusleak eta %7,7ko kuota umeak lehiatzen ziran programa berezian. Horretaz gain, datorren astelehenean, urtarrilak 1, pertsona ospetsuen berezia egongo da, gonbidatu bezela ondoko bikoteak egongo diralarik: Julio Ibarra eta Angel Alkain wazemankeko "atsuak" legez jantzita, Edurne Azuara eta Naiara Etxebarria Balbemendi telesaileko aktoreak, eta hirugarren bikotea Estitxu Fernandez eta Xabier Euzkitze.
Zorionak programagatik eta segi horrela!!

2006/12/26

Gabon gozoak etb1-entzat

Danongan jakina da etb1 ez dala audientzia handiak jasotzen dauzan telebista kate bat. Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiagok ez daki euskeraz, eta beste askok arazoak daukiez. Horrek eta etb1-ek daukan programazio kaskarrak eragiten dabe horren datu baxuak lortzeak (aurten %4 inguruko batezbestekoa lortzen dau). Halandabe, lana ondo egiten danean ikusleek erantzun egiten dabe. Horren adibide dira wazemank, goenkale, mihiluze, martin, balbemendi eta bost txakur bezalako programak. Esan beharra dago aurten hobekuntza nabariak egin dirala, izan ere orain arte kamera izkutu "mutuak" eta horrelako tarteak askoz ugariagoak ziran eta.
Gabonak dira, baina, etb1-i arnasa hartzen izten deutson urteko unea. Ume guztiak etxean egoteak asko laguntzen deutso, nahiz eta datu handiak lortu ez (marrazki bizidunek ume guztien babesa jasotzen daben arren ikusleen parte txiki bat dira); gitxienez datuak behera askorik ez egitea lortzen dabe: gabonetatik at, etb1-eko goizak %0-ko datuez blai egoten dira, eta horrek eguneko batezbestekoan datuak izugarri behera egitea eragiten dabe. Marrazkiek, barriz, %5 inguru lortzen dabe, batezbestekoan beheranzko hori txikiagoa izanik. Bardin gertatzen da arratsaldean zehar be.
Baina, ziurrenik, etb-ko gabonetako programa bereziak dira arrakasta sortzen dabenak. Gabon gauean (abenduak 24) %6,6ko batezbestekoa lortu eban etb1-ek egun guztian zehar, ondokoak nabarmenduz:
euskal kantuen gaua %19,8 eta 87.000 ikusle, kepa junkera %9 eta 40.000 ikusle, Mr. Bean %11 eta 44.000 ikusle.
Baina sorpresarik handiena
abenduaren 25ean hartu neban: %8,3ko batezbestekoa. Eguneko izarra pilota %19,4ko share-a eta 91.000 ikusle. Horretaz gain aipatzekoa goenkaleren igoera %8,8 eta 77.000 ikusle (normalean 50.000 pertsona inguru) eta mihiluzeren programa berezia 60.000 eta %7,7ko share-a. Euskal Kantuen Gaua-ren errepikapenak %7,4 45.000 eta albistegiak ere besteetan baino indartsuago.

Oraindik gabonak luze joko dabe... ea zer gertatzen dan. Bitartean gabon zahar eguneko programa bereziaren zain geratuko naz: "Matzmorduajangojonau" Wazemank-ekoen aurtengo berezia. Zer esan handia emongo dau honek!!

2006/12/16

Zorionak eta urte berri on!!!



Aurtengo eitb-ren gabonetako spot-a mundiala da!!! Kriston barriek botaten dodaz ikusten dodan bakoitzean, hain dira barregarriak txinatarrak!!! jaja
Zorionak eitb-ri noizean behin eskeintzen deuskuzan spotengatik (hau eta beste asko, "tronkolariarena" etabar.)
Horrenbestez zorionak eta urte barri ona danori!!!!