
Jende gitxiago joatearen arrazoi bakarra bururatzen jat: ESAIT (euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea) eta Euskal Federazioaren arteko pikea. Lehenengoak, Federazioak eta Jaurlaritzak ofizialtasunaren alde borroka nahiko egiten ez dabela eta, partidua ez babestea erabaki eban. Gainera, taldeari Euskadi deitu beharrean Euskal Herria deitzea eskatzen eban. Dana dala, argi dago askok erantzun eta partidura ez joatea erabaki ebela, eta hori partiduko eta partidu osteko giroan asko nabari ei zan. Holan jasotzen dau berria-ko artikulu batek:
Giroa bai, baina apalagoa. Zale gutxiago, tabernak hutsago eta kaleak isilago. Partida dagoela argi dago, ordea. Jendetza dabil Indautxun: erosketak egiten asko, eta txikiteoan besteak, Poza aldean batik bat. Han batu dira San Mamesera doazenak. Umeak dauzkate inguruan bueltaka. Aurpegia zuriz, gorriz eta berdez margotuta, eta ikurrinari eragin eta eragin. «Euskadi, Euskadi!».
Haurrak eta gurasoak barra-barra. Haurrak olgetan eta gurasoak zurrutean. Tarteka-tarteka, nerabe taldeak ere badoaz futbol zelaira bidean. Gazteak oraindik ez. Horiek ere kalimotxotan eta garagardotan dihardute. Hotz egiten du Bilbon. Etxean gozo-gozo egoteko moduko hotza, baina ohikoa da abenduan, selekzioak jokatu ohi duenean, eta Poza kalean ez dago beste aldi batzuetako burrunbarik. Lasaiago dago. Ez kalejirarik, ez bat-bateko oihurik.
Giroa pixkanaka-pixkanaka berotuko dela uste du Joseba Martinezek. «Baietz San Mames bete». Urtero-urtero doa Euskadiko selekzioaren partidara, eta aurten ere lekua dauka San Mamesen. Ziur dago ESAITen erabakiak ez duela ikuskizuna zapuztuko. «Askok nahi dugu selekzio ofiziala, baina ametsa da oraindik. Lortu arte, bultza eta bultza jarraitu behar dugu. Futbolariak zelaian eta guk harmailetan. Futbolariek jokatu egingo dute, eta guk animatu egingo dugu». Gaztea da Martinez. 26 urte dauzka eta ziur dago urte gutxiren buruan ofiziala izango dela euskal selekzioa.
Berdin zaio izena zein daukan: «Euskal Herria edo Euskadi». Haren lagun Jon Mikel Garairi, aldiz, Euskadi ez zaio bat ere gustatzen. «Euskal Herrian bizi gara eta Euskal Herriko selekzioa behar du izan». Garaik, dena den, larregizkoa iritzi dio ESAITen jokabideari. «Gure artean ere muturka bagabiltza, akabo». Azaldu du gauza bat dela gehiago eskatzea, konpromisoa eskatzea, eta besterik dela taldeari babesa ez ematea.
«FESTA EGUNA DA». Ildo beretik jo du Alazne Sarasketak: «Muturreko erabakia hartu du ESAITek». San Mamesera doa Haritz eta Maider seme-alabekin, eta haien laguntxo birekin. «Umeak oraindik gaztetxoegiak dira ika-mika politikoez jabetzeko. Festa eguna dute, aldarrikapen eguna baino gehiago, eta giroaz gozatzera datoz. Berdin zaie partida ofiziala den edo ez, futbolari batek edo besteak jokatzen duen...». Lagunartean ondo pasatzeko aitzakia da selekzioa. «Euskadiko selekzioa. Hori baita daukaguna gaur-gaurkoz».
Sarasketa pozik dago Euskadiko Futbol Federazioaren lanarekin. «Jada bi partida jokatu ditugu aurten, adibidez. Agian larregi eskatzen dabil ESAIT». Selekzioaren izenarekin tematzea zentzurik ez daukala ere azaldu du. «Euskadi edo Euskal Herria. Niri, behintzat, ez zait larregi axola».
Unai Larreari bai. Partidara joateko sarrera zeukan, baina senide bati oparitu dio. «Ni ez noa. Pozas kalean nago, bai, baina lagunekin tragoxka batzuk hartu eta etxera joango naiz». Gogor kritikatu du federazioaren eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren lana. «Ez dira gogor bultzatzen ari euskal selekzioen ofizialtasuna». Jende askok San Mamesera joateari uko egingo diola eta ohiko giroa ez dela egongo uste du. «Ea hurrengo urtean zer gertatzen den».
Gehitzeko, esango neuke geure artean borrokan ibiltzen bagara kaltetu bakarrak gu geu izango garala, eta beraz, datorren partidurako gauzak konpontzea espero dot, bestela orduan bai ez dogula inoiz ofizialtasunik lortuko. Bestetik esan Euskadi ofiziala ez izatea ez dala Euskal Federazioaren edo Jaurlaritzaren errua, Espainiarena baino, eta beraz, Esait-en jokaera apur bat zentzugabea dala. Ganera ez dot uste Euskadi edo Euskal Herria deitu behar dan eztabaidatzeak zentzu handirik dauanik, hori gitxienekoa da. Ez daiguzan ba arazoak ez dagozan lekutik atara.
Amaitzeko, nahiz eta arazo honeek egon, jendeak erantzuten jarraitzen dau. San Mames ia bete zan eta etxetik batezbesteko 184.000 pertsonak ikusi eben (%22,8eko share-a) eta une batzuetan 536.000 pertsonak ikustera ere heldu zan.
Emaitza, ezin hobea, 4-0 irabazi, hori bai olentzerok ekarri deuskun opari ederra!!!