2007/01/29

Balbe misterioak

Atzo emon jaken amaiera Balbemendiko misterio guztiei. Hiru hilabete luzez domekaro telebistari pega-pegata euki eta gero, azkenik argitu zan nor egoan hiltzailearen mozorropean. Baina nork pentsatuko eban Rosa zala? Kristau fededun zintzo ha, beti garbi jokatu guran, bere gizon odolberoa lasaitzeko beti prest egoan ha?
Egia esan zur eta lur itzi ninduan. Izan ere ia petsonaia danak pasa ziran hiltzaile izatearen susmotik: Juantxo, bere anaia Lukas, Jon, Bixenta,... Apurka-apurka argituz joan zan beste kontu batzuetan sartuta egozala honeek. Beraz, beste susmagarri batzuk agertuz joan ziran: Fermin abadea, Gorka, eta baita Jesus alarguna bera be. Antonio ere hortxe egoan hasieratik amaierara susmagarri moduan.
Nik hasieratik pentsatzen neban Gorka izango zala hiltzailea, baita azkenaurreko kapituluak neuri arrazoia emon ere. Mentxuren alaba nagusiak ere pasa jatazan burutik, zer egiten egozan pertsonaia horreek bestela? Telesailean agertu besterik ez? Baina Rosa, Rosa inoiz ez jatan burutik pasa. Sorpresa handia, beraz.
Mentxuren maitalea nor zan be argitu zan azken kapituluan, apaiza bera. Maddiren amesgaiztoen jatorria ere argitu zan, ama bere buruaz beste egiten ikusi eban jaiobarritan eta.

Amaitzeko, esan beharra dago etb-k inoiz egin dauen telesailik onena izan dala eta benetan merezi izan dauala domekaro ikusteak, nahiz eta merezi izan dauena baino jende gitxiagok ikusi izan (54.000 ikuslegaz hasi zan, apurka jaitsiz joan zan eta azkenik amaierako kapitulua 41.000 pertsona inguruk ikusi eben). Zorionak emon aktore guztiei eta zuzendariari, Jabi Elortegiri (Balbemendigatik eta Goenkalegatik), eta hurrengoaren zain geratzen naz. Askok foroan idatzi dabe Balbemendiren denboraldi barria atarateko. Nik ez neuke Balbemendigaz jarraituko, txarto geratuko litzateke, baina bai misteriozko beste telesail bat datorren urterako.

No comments: